Bizkaiak flota modernizatzeko laguntzak eta salgaien errepide bidezko garraiorako beherapenak berritu ditu

2023(e)ko Abenduak, 27

Ekonomia Sustatzeko Sailak 2024an berriz ere jarriko du martxan sektorearen segurtasuna, lehiakortasuna, digitalizazioa eta jasangarritasuna hobetzeko dirulaguntzen programa, 1,5 milioi eurotan. Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak iragarri duenez, 2024an izoztu egingo ditu ibilgailu astunen tarifak, eta eutsi egingo die hain kutsakorrak ez diren ibilgailuetarako beherapenei eta erabileraren maiztasunagatik ezarritakoei. Beherapen horiei esker, urtarrilaren eta azaroaren artean sektorean 3,5 milioi euro aurreztu dira.

Bizkaiko Foru Aldundiak salgaien errepide bidezko garraioaren sektorea babesten jarraituko du, energiaren prezioen igoeraren ondorioak arintzeko eta sektorea osatzen duten 5.000 enpresa eta autonomoen lehiakortasuna bermatzeko, Bizkaian, digitalizazioa sustatzen duten eta deskarbonizazioan laguntzen duten neurrien bidez. Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuak eta Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak gaur iragarri dutenez, 2023an xede horretarako martxan jarri ziren ekimenek erantzun positiboa eduki dute, eta, beraz, 2024an horiekin jarraituko da.

1,5 milioi euro flota modernizatzeko

Hala, Ainara Basurkok iragarri duenez, bere sailak sektorearen segurtasuna, lehiakortasuna, digitalizazioa eta jasangarritasuna hobetzeko dirulaguntzen dekretua jarriko du berriz martxan, hasiera batean 1,5 milioi euroko inbertsioa eginda, 2024rako. "Dirulaguntzen programa hau garraioaren sektoreari bere lehiakortasunarekin eta jasangarritasunarekin lotutako erronka gakoak gainditzen laguntzeko diseinatu da. Zehazki, flota modernizatzea du helburu, zuzentarau europarretan ezartzen diren eraginkortasun energetikoko estandar berriak betetze aldera. Gainera, programan funtsezkoa da segurtasuna hobetzea, ibilgailuak arlo honetako teknologia aurreratuenera egokitu daitezen".

Basurkok azaldutakoaren arabera, 2023ko hasierako aurrekontua milioi batetik 1,5 milioi eurora igo da, egondako eskari altuaren ondorioz. Eta, hala, enpresen eta garraiolarien 497 eskariri eman ahal izan zaie babesa.

Jarraian, diruz lagun daitezkeen eremuak zehazten dira:

Gurpilak aldatzea.

Aerodinamika hobetzen duten elementuak instalatzea, besteak beste spoiler, flap edo deflektoreak.

Segurtasun sistemak sartzea, besteak beste gurpilen presioa hautemateko monitoreak, gidariak alkohola edan izanagatiko blokeoak, gida sistemak (erreitik irten izana antzemateko sistema, dash cam), ikusgarritasuna eta maniobragarritasuna hobetzeko sistemak (puntu itsuak ikusteko sistemak, atzealdea ikusteko kamerak), talkak prebenitzeko gailuak (hurbiltasuna hautemateko radarrak eta sentsoreak), nekea kontrolatzeko sistemak, atoia krokatuta dagoela egiaztatzeko sistemak, iraulketen aurkako gailuak, istripuen erregistragailuak, suteak automatikoki antzeman eta itzaltzeko sistemak, eta larrialdi deiak egiteko sistemak.

Zamalanetan segurtasuna hobetzea, hainbat elementu tarteko (zingilak, uhalak, kateak, tentsoreak, olanak...).

Kabinan teknologia sartzea, garraio plataformekin eta edukiontzi agentziekin nahiz industria plantekin konektatzeko.

Dirulaguntzak gehienez ere 20.000 eurokoak izango dira eskatzaile bakoitzeko eta 4.000 eurokoak ibilgailu bakoitzeko.

Tarifak izoztea eta beherapenak aplikatzea Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak iragarri duenez, "2024an, beherapenei eusteaz gain, salgaien errepide bidezko garraioaren sektorean eragina duten tarifa guztiak izoztuko ditugu. Salgaien errepide bidezko garraio jasangarriagoa eta eraginkorragoa bermatzea da helburua. Hau da, garraio ekonomikoki bideragarriagoa eta sozialki arduratsuagoa bultzatzea". Diputatuaren esanetan, 2024an izoztu egingo dira ibilgailu astunen tarifak, Bizkaiko Foru Aldundiaren menpeko kudeaketa duten bidesarien azpiegituretan. Erabaki horri esker, salgaien errepide bidezko garraioaren sektoreak AP-8 errepideko eta Supersurreko tarifen gaineko % 10eko beherapena jasotzen jarraituko du, 2023an bezala. Eta gainerako bidesariek ez dute igoerarik izango. Ibilgailu astunen tarifetan aplikatutako % 10eko beherapen horri esker, 2023ko urtarrilaren eta azaroaren artean 2.417.500 euro aurreztu ditu sektoreak. Pradalesek azaldu duenez, gainera, 2023ko urtarrilaren eta azaroaren artean, Sailak 331.087 euro itzuli dizkie garraiolariei, erabileraren maiztasunaren eta azpiegituren erabilera konbinatuaren ziozko beherapenen eta ibilgailu ez hain kutsakorrak sustatzen dituzten hobarien bidez. Guztira 8.195 garraiolarik eman dute izena efizientziagatiko deskontuak jaso ahal izateko; horietatik, % 45,5 inguru Bizkaikoak dira.

"Laburbilduz, 2023an zehar 3 milioi eta erdi euro itzuli dizkiegu lurraldeko bidesarietako errepideak erabili ohi dituzten 9.872 garraiolariei. Hala, energiaren prezioan egondako igoeren eragina arintzen lagundu dugu, hain kutsakorrak ez diren ibilgailuen erabilera eta errepideen foru sarearen erabilera eraginkorragoa sustatu ahala", nabarmendu du Pradalesek

Bizkaiak flota modernizatzeko laguntzak eta salgaien errepide bidezko garraiorako beherapenak berritu ditu(e)ko argazki 1

Edozein zalantza izanez gero, jarri harremanetan formularioaren bidez.

Jarri harremanetan gurekin