“PLANETAREN ALDEKO MUGIKORRAK ingurumen-konpromisoa”

2026(e)ko Urtarrilak, 13

“Eman zure mugikorra kausa on baten alde”

INTERBIAKek, bere jasangarritasun-politikarekin eta ingurumen-kontzientziazioarekin duen konpromisoaren barruan, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astean parte hartu du, hondakin gutxiago sortzeko eta ingurumen-kontzientziazioa bultzatzeko ekintzak sustatuz. Edizio horretan, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak biltzea izan da azaroaren amaieran egin den kanpainaren ardatza, eta gizarteari erronka egin dio batera jardun dezan halako ekipamenduak jasangarritasun handiagoz erabili eta haien zikloak ixte aldera.

Ekimen hori gauzatzeko, ALBOANen laguntza izan dugu. GKE horrek hainbat proiektu garatzen ditu; besteak beste, “Lurraren aldeko mugikorrak” kanpaina, erabiltzeko moduan ez dauden telefono mugikorrak eta bestelako gailuak, hala nola tabletak eta kargagailuak, jasotzeko eta kutsagarria ez den xede batera bideratzeko.  INTERBIAK osatzen dugunok 145 mugikor eta zenbait kargagailu bildu ditugu aste horretan.

Mugikor eta tableta horiek, berregokitu, eta bigarren eskuko merkatuan salduko dira, eta bildutako diru guztia Kolonbiako, Kongoko EDko edo beste herrialde batzuetako proiektu humanitarioetan erabiliko da. Ekintza horrekin, berrerabilera eta birziklapena sustatuz ingurumena babesten laguntzeaz gain, abagunea izan dugu lankidetzan aritzeko ekintza humanitarioak sustatzen dituen proiektu batekin; izan ere, proiektu horrek hezkuntzara, gatazken eraginpean dauden emakumeak ahalduntzera eta eragindako biztanleentzako alternatiba ekonomikoak garatzera bideratzen ditu baliabideak.

INTERBIAKek eta hura osatzen dugunok berretsi egiten dugu gizartearekin dugun ingurumen-konpromisoa, eta, aurrerantzean ere, parte hartuko dugu etorkizun berdeago bat bermatuko duten ekintzak sustatzeko etorkizuneko kanpainetan. Ekintza oro, txikia izanik ere, kontuan hartzeko modukoa da, eta halako guztien baturak ekarpen handia egiten dio planetari.

“PLANETAREN ALDEKO MUGIKORRAK ingurumen-konpromisoa”(e)ko argazki 1

Edozein zalantza izanez gero, jarri harremanetan formularioaren bidez.

Jarri harremanetan gurekin