Supersurreko Trapagarango zubibidearen dilatazio-juntura lau fasetan ordeztuko da maiatzaren 5etik Aurrera

2025(e)ko Apirilak, 02

Supersurreko Trapagarango zubibidearen dilatazio-juntura lau fasetan ordeztuko da maiatzaren 5etik Aurrera

Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen egitura berezia da luzeragatik (795 metro) eta daukan taula bakarraren zabaleragatik (35 metro); beraz, ezin da piezaren konponketa partzialik egin.Lanak bi noranzkoetan egingo dira urte amaierara arte, eta udako hilabeteak saihestuko dira

Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidean —Supersur izenez ezaguna—, Trapagarango zubibidean, diatazio-juntura bat hautsi eta higatu da, eta, horren ondorioz, Bizkaiko Foru Aldundiak pieza osoa ordezkatu beharko du, hainbat hilabetez luzatuko den konponketa konplexu batean. Interbiak arduratuko da lanez, eta lau fasetan banatu du jarduketa: 1. fasea, prestaketakoa, maiatzaren 5ean hasiko da; 2. fasea maiatzean eta ekainean gauzatuko da; 3. fasea, irailean eta azaroan, eta 4. fasea, hura amaitu eta berehala, azaroan eta abenduaren erdialdean. Antolaketa horrekin, trafikoari ahalik eta gutxien eragiteko ahalegina egingo da, eta, horretarako, udako hilabeteetan geldialdi bat programatu da.

Trapagarango zubibidea egitura berezia da, eta Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen egiturarik garrantzitsuena. Luzeran 795 metro dituen azpiegitura da, eta bere sekzio nagusia 35 metro inguruko zabalerako hormigoi postatezatuzko kaxa bakarreko taula batek osatzen du. Ezaugarri horiek direla-eta, juntura bakar bat instalatu zen, Suitzako fabrikatzaileari enkargatu zitzaiona, eta ezinezkoa izan da konponketa partzial bat egitea. Juntura berriaren kalkulua, diseinua eta fabrikazioa duela hilabete batzuk enkargatu ziren.

Junturaren narriadurarik nabarmenena Gipuzkoa/Arabarako noranzkoko galtzadan gertatu da, erdiko eta eskuineko erreietan. Horren ondorioz, zirkulazioa itxi egin behar izan da, bide-segurtasuna dela eta.

Lau fase abendura arte

Interbiak elkarteak aitortu du pieza guztiz ordezteak eragina izango duela erabiltzaileengan lanek irauten duten bitartean. Horregatik, esku-hartzea lau fasetan banatu da; gainera, galtzadak txandaka libratuko dira, eta langileen nahiz gidarien segurtasuna bermatuko da.

1. FASEA: aurretiazko lanak, maiatzaren 5a. Fase honetan, bi puntu zehatzetan eraitsiko da bi galtzadak bereizten dituen erdibitzailea, haien artean trafiko-transferentzia egin ahal izateko. Horrela, bypass bat egingo da kontrako noranzkoko galtzadatik.

2. FASEA: lanak Gipuzkoa/Arabarako noranzkoko galtzadan. Maiatzetik ekainera. Gipuzkoa/Arabaranzko zirkulazioa bypassean joango da Kantabriarako noranzkoko galtzadatik. Era berean, Kantabriaranzko zirkulazioa normalean Ezkerralderantz doan zirkulazioa hartzen duen galtzadara mugituko da. Egoera horretan dauden bitartean, Ezkerralderantz (Kantabriarako noranzkoan) joan nahi duten erabiltzaileek Kadaguako ordainlekuan irten beharko dute, edo, bestela, Kantabriarako noranzkoko galtzadatik jarraitu, hurrengo irteera batera arte, egungo irteera itxita egongo baita.

3. FASEA: Kantabriarako noranzkoko galtzadako lanak. Irailetik azarora. Dilatazio-juntura ordezteko lanak Kantabriarako noranzkoko galtzadan egingo dira. Gipuzkoa/Arabaranzko zirkulazioa bere galtzadatik joango da, eta jada lanek ez diote eragingo. Kantabriaranzko zirkulazioa normalean Ezkerralderantz doan zirkulazioa hartzen duen galtzadara mugituko da, eta, lanen eremua gainditu ondoren, bere bidera itzuliko da. Aurreko fasean bezala, Ezkerralderako irteera itxita geratuko da.

4. FASEA: Ezkerralderako noranzkoko galtzadako lanak. Azarotik abendura. Dilatazio-juntura ordezteko lanak Ezkerralderako noranzkoko galtzadan egingo dira. Beraz, aurreko faseetan bezala, Ezkerralderantz joan nahi duten erabiltzaileek Kadaguako ordainlekuan irten beharko dute, edo, bestela, Kantabriarantz jarraitu, hurrengo irteera batera arte, puntu horretan moztuta egongo baita galtzada. Gipuzkoa/Arabaranzko zirkulazioa eta Kantabriaranzkoa normalean dagozkien galtzadetan mantenduko dira, eta lanek ez diete eragingo.  Azkenik, trafikoa transferitzeko erabili diren puntuetan galtzaden arteko erdibitzailea lehengoratzeko lanak egingo dira. Halaber, obrarako egokitutako seinale horizontal eta bertikalak lehengoratzeko lanak egingo dira.

Trapagarango zubibidea

2011n, Metropoliko Hegoaldeko Saihesbidea eraikitzen amaitu zen urtean, Trapagarango zubibidea mugarri bat izan zen, ordura arte eraikitako taula bakarreko egitura zabalena baitzen (35 m).

Taularen zabalera errekor horrek hiru galtzada bereizi ditu:

o    Gipuzkoa/Arabarako noranzkoan, 3 erreiko galtzada bat, dagozkion bazterbideekin.
o    Kontrako noranzkoan, 2 erreiko 2 galtzada: bata AP-8 autobidearen enborra da, Kantabriarako noranzkoan, eta bestea Ezkerralderanzko irteera-adarrari dagokio; galtzada horiek, era berean, dagozkion bazterbideak dituzte.

 

 

Supersurreko Trapagarango zubibidearen dilatazio-juntura lau fasetan ordeztuko da maiatzaren 5etik Aurrera(e)ko argazki 1

Edozein zalantza izanez gero, jarri harremanetan formularioaren bidez.

Jarri harremanetan gurekin